2011/11/30

Euskararen Nazioarteko Eguna

Jakingo dozuenez, hainbat  izaten dira euskararen omenez egiten diran ekitaldi eta jardunak. Horretako bat, Euskararen Nazioarteko Eguna da, urtero-urtero, abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko deunaren egunez ospatzen dana.

Esandako ospakizunak badau aurrekaririk. Ezagunak dira, besteak beste, Errepublika garaian Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antolatutako antzerti eta olerti egunak, bertsolari egunak eta antzerakoak. Aipatzekoak dira, bestalde, Espainiako Guda zibilaren ondorioz Iparraldera alde egin behar izandako euskaltzaleek zein bertakoek, alkar hartuta, Euskaltzaleen Biltzarraren babespean egindako lana. Sasoi horretakoa (1949) da, hain zuzen be, Lehenengo Euskararen Eguna.

1995an, Euskal Herritik kanpora bizi diran euskaldunek egindako Lehen Mundu Biltzarrean eskatutakoa bere eginez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak alkar hartu eben eta, ondorioz, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu. Geroztik, urtero, Erresuma Zaharreko santu euskaldunaren egunez, ospatu izan dabe euskal erakundeek Euskararen Eguna. Lehendakariaren deiari jarraituz ehunka lagun batzen da eta gorazarre egiten deutse euskarari eta euskaldunoi.
Atzo Euskararen Nazioarteko Egunerako Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek eta EAEko hiru hiriburuetako udalen ospakizun bateratuaren egitarauaren barri izan genduan.
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko xedez 1949. urtean sortu eban Eusko Ikaskuntzak. Dana dala, aldarrikapen hori eguneroko kontua dala azpimarratu behar da, ezta? Zer egingo dogu egun batez baino egiten ez badogu?
Egitarauari jagokonez, esango dogu  Donostian Euskara iruditan izena dauan sareko argazki mosaiko erraldoia eratuko dabela. Bertan, mota guztietako adierazleak bildu daitekez, adibidez: euskaraz dagoan udal agerkari zahar baten argazkia, lehen ikastola eta gau eskola baten argazkia, egungo txosten baten argazkia, errotulu batena... Horrez gain, gaurtik abenduaren 3ra ezaguna dan Mintzodromoa antolatu dabe, Bulevarrean jarritako karpan.
Gasteizen, barriz, abenduaren 2an Xabier Leteren omenezko kontzertua izango dabe eta larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean, GazteHitz! kontzertu erraldoian besteak beste honako musika taldeek hartuko dabe parte: Lain, Kerobia, EH-Sukarra, Txapelpunk eta Gatibu. Bilbon, azken urteetan bezala, Banden Lehia egingo dabe, euskarazko hainbat musika talderen eskutik.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, euskararen aldeko pilota jaialdia antolatu dau abenduaren 2rako Donostiako Atano III. pilotalekuan. 22:15ean hasita jokatuko dan jaialdian, Xala eta Laskurain, Bengoetxea VI.aren eta Barriolaren aurka ariko dira partida nagusian; bertaratzen diran guztiek ez dabe sarrerarik ordaindu beharko. Helburua, ahalik eta euskaltzale gehien bertan egotea da, euskarari arnasa eta bultzada emoteko,  esan beharrekoa da Jaurlaritzak 1.500 sarrera banatu dauazala.
Euskararen Nazioarteko Egunaren ekimena martxan jarri eban Eusko Ikaskuntzak,  modu berezian ospatuko dau 2011ko edizio hau.
Batetik, Euskal Herriko historia era batean edo bestean markatu daben emakume guztiei omenaldia egin nahi deutse. Guztira, 44 emakume aukeratu dabez, horreek dira Kukuxumusuk egun berezi horri begira diseinatutako kamisetaren ardatz nagusia. Parte-hartzea sustatu nahian, lehiaketa bat be jarri dabe abian: Eusko Ikaskuntzaren webgunean sartuz (www.eusko-ikaskuntza.org/ene) kamisetan azaltzen diran 4 emakumeren inguruan galdera errazak jarri dabez. Abenduaren 2a baino lehen zuzen erantzuten dabenen artean, elastikoak zozkatuko dabez.
Bestetik, seigarren urtez, ENE Saria, euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu dan kanpoko erakundeari egiten jakon errekonozimendua be aurrera eroango dau. Saria aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako diseinatutako anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzioa dira.
Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan ospatuko dau egun hau, baina bereziki, Mexiko DFn, bertako Euskal Etxeak antolatutako festan parte hartzeko. Eguerdian bazkaria izango da bertan, eta ondoren, kontzertua eskainiko dabe Xabi eta Fredi Paya bertsolariek eta Ugarte anaia txalapartariek. Ohitura daben bezala, aurten, EITBko Goenkale telesaila omenduko dabe.
Aurreko guztiaz gain, asko izango dira egun horretan egingo diran ospakizunak. Ez ahaztu Euskera eguna ez dala bakarra, hizkuntza hau erabiltzen dogun guztiak baitira Euskera egunak. Beraz, badakigu zer egin: EUSKERA!

DURANGOKO EUSKAL DENDAREN XVI. EDIZIOA

Atzo, Bernat Vidal, Arbasoko presidentea, Andoni Iruarrizaga, Durangoko Kultura zinegotzia eta artisauak diran Amaia Conde, Alex González eta Igor Obeso batu ondoren, Durangoko Euskal Dendaren aurtengo leloa "Nire tailerra, Nire ogibidea, Nire bizimodua" izango dela adierazi eben.Dakizuenez, azoka hau Durangoko Diska eta Liburu Azokagaz batera antolatzen da.

Artisautzari jagokon garrantzia emon eta azpimarratu behar jako, hau da, bizimodua izateaz gain balio kultutalak eta garapen ekonomikoa be bultzatzen dau eta.
Euskal Herriko 50 eskulangile eta Galiziako 6 .bilduko dauazan azoka hau .erakusleiho ikaragarria da. Horreetako hiruren aurpegia azaldu da kartelean, hirurek izango dabelarik zuzeneko erakustaldiak egiteko aukera.

Arbaso Alkartea 2005ean hasi zan Artetsua sariak emoten, eskulangileak aintzat hartuz. Aurtengo Sari banaketa, abenduaren 3an, San Agustin kultur gunean izango da. Dana dala, atzo lau saridunetatik hiru adierazi ebezan: Bediako Udala, RNE Bilboko Mercedes Fernández kazetaria eta Mariano Santa Cruz eskulangilea. Laugarren sariduna nor dan ekitaldian bertan jakingo dogu.

2011/11/29

EUSKAL HERRIA proiektuko LIP DUPa

Ikastolako 3 urteko umeek EUSKAL HERRIA  ezagutzeko proiektua burutu ondoren, ikasitako guztia erakusteko LIP-DUPa egin eben. Ikusi eizue bideoa!

Heldu jaku Lekeitioko Euskal Zine Bilera!

Francoren diktadura amaitu ondoren, gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziran indarren eraginez sortu zan Euskal Zine eta Bideo Bilera, 70eko hamarkadan.

Garai haretan, hainbat eukeraren aldeko ardura eta lana areagotzen hasi zan baina euskera eta zinemagintza uztartzea ez zan erraza, ikus-entzunezkoen ekoizpen gehienak, danak ez  esatearren, gaztelaniazkoak ziran eta.  Gainera, euskeraz agertzen ziran filmak gaztelaniazkoekin lehian ibiltzen ziran, aldea handia zala. Gogotsuek 8 eta Super 8 formatuetan eta 16 m/m-tan egiten ebezan filmak.

Filmak euskaraz egiten ebezan amateurren oztopoak gainditu nahian sortu zan Euskal Zine Bilera. Lekeitioko zinemaldia ez zan garai haretan euskerazko filmen jaialdi bakarra. 1977an, Zestoan Topaketak zine-jaialdia sortu eben baina 1991n Zestoako antolatzaileek amore emon eben. Beraz, 1992tik hona Euskal Zine Bilera da euskerazko filmen jaialdi bakarra.
1981ean “Zilarrezko antzarrak” sariak emoten hasi ziran. Dokumental onenarentzako saria eta argumentudun film onenarentzako saria ezarri ziran, baita argazki onenarentzako saria eta soinu onenarentzako saria be.
Parte-hartzaile guztien artean grabatzeko material zinematografikoa banatzen jarraitu zan, honek lanean jarraitzeko aukera emoten eutsen eta.
1986an, bideoaren gorakada izugarria zanez, eta 8, Super 8 eta 16 m/m formatuetan gero eta lan gitxiago aurkezten zirala ikusita, Jaialdian bideo lanak onartzea erabaki zan. Horren ondorioz, ordura arte Euskal Zine Bilera izan zana aurrerantzean Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) izango zan.
1995ean merkatuan lehiatzeko asmoz egindako bideoak onartzen hasi ziran.Dana dala, beste eginkizun bat be baeben: hautatutako lan guztiak Interneten jartzea.
Aldaketa guzti hauen helburua, jaialdia etengabe aldatzen ari den ikus-entzunezkoen arlora moldatzea izan da; beti ere, hasieratik ezarritako nortasun-ezaugarriak ahaztu gabe. Hau da, Euskal Herrian euskaraz egiten diren ikus-entzunezkoak bultzatzen laguntzea.
Urteetan zehar hainbat ekintza egin dira, halanola, zinemari buruzko hitzaldiak, zinemari buruzko liburuen eta zinemagintzako tresnei eta makinei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako film-kartelen erakusketak, gai zehatzen inguruko zikloak, beste leku batzuetako (Katalunia, Galizia, Levante, Murtzia) zinemagileekin topaketak...
Jaialdi honen ibilbidean zehar euskal zinemako zuzendariak, arlo guztietako teknikariak eta irudi eta soinu eskoletan ikasitako teknikari asko aritu dira, bai lanean, bai afizionatu moduan.
Aipagarria da Lekeitioko Bilera abiagune ona izan dala errealizadore barrientzat,  jaialdiari esker euren sorkuntza-lanak erakutsi ez ezik, curriculuma hornitzen be hasi daitekezalako.
2007an, ohiko ekitaldiez gain beste  ekintza batzuk be antolatu ziran Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundearekin batera, urteurrena ospatu eta ordura arte egindako ibilbidea gainbegiratzeko.
2008an, Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundeak hartu eban antolatzeko ardura. Hala eta guztiz be, lehengo antolaketa taldeko partaide batzuek Zine eta bideo Bileraren antolaketan parte hartzen jarraitu dabe.2009an zenbait hobekuntza egin ziran;filmen proiekzioaz profesionalak arduratzen hasi ziran.
2010ean, krisialdia oraindik gainditu barik dagoala,Lekeitioko Udal Kultur Erakundeak zinemaldi duina izateko ahalegina egin dau.

2010eko nobedadea Benito Ansola Beka sortzea izan da Topagunearekin (Euskara Elkarteen Federazioa) alkar lanean.

Etorkizuneko jaialdiari indarra emoteko aldaketa batzuk egin dabez,adibidez, izena laburtu egingo da jatorrizkora bueltatuz eta zenbakia arabiar erara ipiniz. Web- orrialdea be barriztu egin dabe.
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztla Lekeitioko hau, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren aitorpena jaso eban, zinearen historiari buruzko bildumetan eta aldizkari espezializatuetan aipatzen da; gainera, euskal zinearen inguruko erakusketa eta jardunaldietan parte hartzen dau.
Lekeitio Cannes txikia izaten da jaialdi egunetan.


Web orrialdea: http://www.zinebilera.com/

2011/11/28

Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorrik Klis-Klasikoak liburu-bilduma aurkeztu dabe

Haurrentzako eta gazteentzako euskarazko liburu onak, kalitatezkoak, egiteko helburuz sortu da ekimen hau.
Klis-Klasikoak izeneko liburu-bilduma aurkeztu eben barikuan Bego Muruaga Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) Euskara Sustatzeko zuzendariak, Aitziber Alonso Galtzagorri euskal Haur eta Gazte Literatura alkarteko presidenteak eta Ibon Egaña bilduma honen batzordearen kideak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean.
 Bilduma honek euskerazko haur eta gazte literaturan egoan gabezi handi bati erantzuten deutso.   
Euskarazko eta haur eta gazte literaturako liburu klasikoak berrargitaratzeaz gain, literatura unibertsalean klasikoak diran eta euskeraz oraindik ez doguzan liburuak kaleratu nahi dira. Izan ere, euskerazko irakurtzeko zaletasuna sustatzeko ezinbestekoa da euskarazko kalitatezko liburuak eskaintzea. Izan ere, haur eta gazteek nazioarte-mailako hainbat autore klasiko ezagutzeko, beste hizkuntzetara jo behar izaten dabe.
Horren haritik, bildumaren aurkezpenarekin batera honako liburuak be aurkeztu ziran: Txan Fantasma, Maria Goikoak batbirulau, Indianoa eta Pinotxoren abenturak. Txan Fantasma Elkar argitaletxeak kaleratu dau; beste hirurak, barriz, Igela, Alberdania eta Ereinek alkarlanean.

BARTZELONAKO CENTRE CULTURAL- EUSKAL ETXEA


Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxe honi 22.000 euroko diru-laguntza emongo deutso euskararen irakaskuntza bideratzeko. Laguntza horren bidez Bartzelonan euskara ikasi nahi dabenei, 170 lagun inguru, beharrezko baliabideak eskura jarriko deutsez. Bertan izan ziran hitzarmena sinatuz, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Iñaki Uribe HABEko zuzendaria.
Bertako hainbat ikaslegaz be alkartu ziran, honeek   euren  kezka, jakin-min eta asmoen barri emon eutselarik.
Hitzarmena sinatu ostean, Auzmendi hainbat euskara ikaslegaz batu zan euren moduko jendea ikustea beretzat ohorea dala esan eutsen: "Ulertuko duzuen bezala niretzat ikaragarri pozgarria da Euskal Herritik kanpo ere euskara ikasi nahi duen jendea dagoela ikustea, eta konturatzea ugari direla euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa dutenak atzerrian ere. Nik ez etsitzera eta euskararen ikaskuntza aurrera egitera animatu nahi zaituztet".
Euskara eskolan esparru bi  bereizten dira, ikasle katalanez osotutako beheko mailak eta ikasle euskaldunez osotutako goiko mailak.
Azpimarratzekoa da, egiaztatze- frogak egiten diranetik, goiko mailetako ikasleen kopurua asko igo dala,  hizkuntza eskolan ez dago C maila egiteko aukerarik eta.
Bartzelonan  guztira, 500 ikasletik gora dagoz Euskal Etxe, Unibertsitate nahiz Hizkuntza Eskoletan euskara ikasten. Horreetatik % 80 ez dira euskal jatorrikoak. Tartean, katalanak ez ezik, jatorri ugaritako ikasleak be badagoz: ekuatortarrak, poloniarrak edo ingelesak, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak eta Centre Cultural-Euskal Etxeak sinatu daben hitzarmenaren helburua 2011/12 ikasturterako Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxearen egitasmoak burutzeko oinarriak finkatzea da. Irakasle-taldearen trebakuntza dala eta, HABEk eta Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxeak adostuko dabe trebakuntza-plana, eta bideratzearen ardura HABEk  hartuko dau. Honen ardura irakasle-taldea, beharrezkoa dauan oinarrizko materialez hornitzea izango da. Autoikaskuntza programen (BOGA) egikaritzeari jagokenez, HABEk, Euskal Etxearen eskariari, zerbitzu hori martxan jartzeko proposamena eta baliabideak emongo deutsoz. Jasotako diru-laguntzaren truke, Centre-Cultural Euskal Etxeak euskara-eskolak emotea ahalbidetuko dau, euskara autoikaskuntza bidez ikasteko sistema informatikoak bermatuz.
Auzmendiren esanetan, gainera, ez da ahaztu behar azken urteotan mundu zabalean handitu egin dela euskararenganako jakin-mina. Horren ildora, gero eta gehiago dira euskara eta euskal gaiak lantzeko interesa erakutsi duten unibertsitateak eta ikastegiak: "Momentu honetan bertan munduko lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan 2.500 helduk eta 1.500 haurrek baino gehiagok ikasten duten euskara. Gaineraz, munduko 23 unibertsitatetan euskara ikas daiteke".

KANTALDIA: Baionatik Bilbora-Iparraldea kantuz

"Baionatik Bilbora-Iparraldea kantuz" ,Iparraldeko euskal abeslariak, ataratako diska  barriaren aurkezpena datorren abenduaren 20an izango da, arratsaldeko 8retan, Euskalduna Jauregian.

ANIMA ZAITEZ!!


BILBON BESTE IZAR BAT!

Ez dakizuela zertaz ari garan? Ba, Bai, bai. Arzakek, Akelarrek eta Berastegik hiru izarrekin jarraitzen daben bitartean, ez dala erraza jakinda, Bilboko Guggenheimean dagoan Nerua jatetxeak Michelin gidaren  lehen izarra jaso dau. Hasi barria dan jatetxe honetako sukaldari buru  dan Josean Martinez ezustean eta pozik harrapatu dau albisteak, lanari ekiteko indarra eta konfiantza emongo deutsielakoan. Nerua jatetxea barria bada be, sukaldari honek hamahiru urte inguru daroaz Guggenheim museoko jatetxean sukaldari. Berak eta taldeak, Izar honetaz gain, Repsol gidaren hiru eguzki be lortu dauz.
Michelin Izarrak munduko gastronomiaren erreferente nagusi bilakatu dira. Dana dala, gogoratu behar dogu auto gurpilekin batera oparitzen eben publizitatez betetako liburutxoa izanez atara ebela 1900ean, nahiz eta jatetxerik onenak  izendatzen 1926an hasi.
Sari honeek urtero astintzen dabe  gure sukaldaritza, onerako zein txarrerako, hauxe gertatu jako Gasteizko Ikea jatetxeari, eukan izarra galduz. Beste batzuk, ostera, iazko moduan geratu dira, adibidez, Mugaritz jatetxea, izar bi mantenduz.
Zorionak, ba, Nerua jatetxeari!

2011/11/25

ETXEPARE INSTITUTUA 20012an


Etxepare Euskal Institutuko 2012rako aurrekontua aurtengoaren antzekoa izango da, 2.8 milioikoa.

2012 urtean institutuak bere jarduera sendotzea, orain arte egindako lana finkatzea, 2010 eta 2011an sinatutako hitzarmenak (Cervantes Institutua, Donostia 2016, Euskaltzaindia, Institut Ramon Llull, Eitb, EKE, Euskadiko Filmategia...) garatu eta gorpuztea, hedapen-sareak indartzea, irakurle-programa handitzea eta plan estrategikoa garatzea espero dau.
Euskararen alorrari jagokonez, beste hizkuntza gitxituekiko talde-lana sustatuko da, topaketa eta seminarioak antolatuko dira, irakurleen formazioan lan egingo da eta katedra barriak sortuko dira. Esaterako, Chicagoko Koldo Mitxelena katedra apirilean inauguratuko da. Halaber, datorren urteko martxoan euskara omentzeko jardunaldiak antolatuko dira Madrilen Euskaltzaindiarekin batera.

Kultura alorrean, diru-laguntzak berregituratu eta eskaerari begira moldatuko dira eta ekintza finkatuko da Institutuarentzat toki estrategikoak diranetan (Madril, Bruselas eta New York). Holan, urtarrilean Etxepare Institutuaren aurkezpena egingo da Madrilen, programazio zabal bategaz, AT! Ikuskizuna barne, eta maiatzean New Yorkeko Lincoln Center-ean euskal zinemari buruzko atzera begirako erakusketa bat izango da.

Era berean, 2012ean euskal kultura sustatzeko lehen liburuak argitaratuko dira. Bilduma honek gastronomiari, tradizioari, pop, rock zein folk musikari, musika klasikoari zein zinemari buruzko monografikoak izango dauz.


2011/11/23

46. DURANGOKO Euskal Liburu eta Disko Azoka

1965ean, Gerediaga Elkarteak  antolatu eban lehen ekitaldietako bat izan zan. Helburua, frankismoaren diktadurapeko urteak zirala kontua hartuta, Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzako ekoizpena ezagutzera emotea izan zan. Horrekin batera, euskalgintza jardunean ebilzan sektoreen topalekua izatea be lortu nahi eban.
Kokapen ugari izan ditu Durangoko Azokak (Andra Mari elizpea, merkatu plaza, Durangoko hainbat orubetan jarritako karpak). Dana dala, 2005etik Landako Erakustazokan egiten da.Hitzordua abenduaren hasierako jaiegunak aprobexatuz finkatzen da urtero.
Aurten abenduaren 4tik 8ra zabalduko da, goizeko 10:30etik iluntzeko 20:00etara. Urtero bezala, nobedadez beterik etorriko jaku, nahiz eta krisiaren eraginez honeek gitxiago diran. Hiru gune zabalduko dabez: Irudienea, Szenatokia eta Kabi@, ikus-entzunezkoei, antzerkigintzari eta teknologia barriei bidea irekiz. Berrehun ekitalditik  gora izango dirala azpimarratu behar da. Ahotsenea, literatura eta musika sortzaileei eskainitako gunea eta Haur Literatura Aretoa be zabalik egongo dira.
Kultura gonbidatua, Galizia izango da, horregaitik, ba, hainbat ekitaldi  Culturgal alkartearekin egingo dira.
Barri gehiago izan gura badozue jo helbide honetara: www.durangokoazoka.com

46. Durangoko Azokaren kartela

EUSKAL TALDEAK EZAGUTZEN... Hertzainak

Hertzainak taldea, 1981. urtean Araban sortutako euskal rock taldea da. 1981eko gabon zahar gauean estreinatu ziran Gasteizen, The Clash taldearen euskerazko bertsio batekin.
Euskeraz landutako rocka ulertzeko, ezinbesteko taldea da Hertzainak. Diskografia oparoa utzi eban taldeak (sei disko eta hainbat single eta EP), eta oraindik ere entzuten dira haren kantuak.
Garaiko beste musika taldeen antzera, Ingalaterrako punk mugimendua izan eben abiapuntu eta eredu Hertzainak taldea sortzeko unean. Rock&rolla eta euskal giroa alkartu nahi ebezan, eta musika eta hitzak erabilitako formula.
Josu Zabala eta Xabier Montoia izan ziran taldearen sortzaileak, eta haiek mamitu eben lehen urteetan Hertzainak-en izaera. Lehen uneko taldekide aldaketak izan ondoren, honako hau izan zan 1981eko Urtezaharrean taula gainera igo zan taldea: Xabier Montoia Gamma (ahotsa), Josu Zabala (baxua), Kike Saez de Villaverde (gitarra), Curro (bateria), Tito Aldama (saxofoia) eta Delfo (gitarra). Taldearen inguruan ibili ziran Gerardo Pozo Gene gazte gasteiztarra eta Karra Elejalde aktorea bere.
Lehen emanaldiak egin eta gero, taldean aldaketa nabarmenak gertatu ziran. Curroren ordez, Luis Javier Saiz Txanpi sartu zan bateria astintzera, eta Delfok be taldea utzi eban. Aldaketa nabarmenena 1983ko irailean izan zan, Xabier Montoia taldetik kanpo geratu eta gero (M-ak taldean agertuko zan geroago). Horrela, hilabete batzuk abeslari finko barik aritu eta gero, Iñaki Garitaonandia "Gari" sartu zan abestera.
Kideak erabat finkaturik, taldearen lehen maketa grabatzera sartu ziran IZ diskoetxearen estudioetan. Lehen diskoaren arrakasta barruratzeko asti barik, beste disko bat grabatzen hasi zan taldea 1985eko udan. Salgai jarri ziran lehen 2.000 aleek single bat zekarren opari, beste lau kanturekin: maketa garaiko "Galtzailea" eta "Rock&roll batzokian", inoiz grabatubako "Itxoiten nago" eta taldearen ereserkia, "Hertzainak": «Ixilik nola ez, hobe da abestu / eta gure musika mundu zaharra deuseztu...».
Soñua utzi eta Elkar diskoetxearekin grabatu eben hirugarren diskoa, Salda badago (1988).Amets prefabrikatuak (Oihuka, 1989) kaleratu aurretik, maxi single bat argitaratu eben. Hiru kantu horien artean, "Aitormena" egoan, denborarekin taldearen kantu ezagunenetakoa izango zana. Hertzainak-en sona izugarri handitu eban kantu horrek, talde entzule talde barri eta gazteago batera hurbilduz.
Zuzeneko disko bat bere argitaratu eben. Garai hartan, oso zabalduta egoan taldea desagertuko zan zurrumurrua, eta zuzeneko grabazio horrekin mamuak uxatzea lortu eben.
Taldea desegiteko erabakia hartua zuten Denboraren orratzak (Oihuka, 1992) grabatu ebenean -izenburua esanguratsua zan-. Lehen aldiz Garik parte hartu eban hainbat kanturen konposizioan ("Bihurtuko zara, txo", "Zoratzen ari naizela"...), geroago hartuko eban bakarkako bidea iragarriz, eta The Clash taldearen "I fought the law" euskerara ekarri eban.
Euskal merkatuaren txikitasuna eta kanpora aterateko zailtasunak aipatu ebazan taldeak desegiteko arrazoi moduan. Josu Zabalaren berbetan, «gurea gora egiterik ez izatera kondenaturik dagoan istorioa da».
Taldeak, agur esateko, kontzertu bira antolatu eban Euskal Herritik , eta azken emanaldiak Iruñean (Anaitasuna kiroldegian), Gasteizen (bi egunez El Elefante Blanco aretoan), Donibane Garazin, Bilbon (Casilla kiroldegian) eta Donostian (Gaska kiroldegian).
Gaur egun, Hertzainak-eko taldekide ohiak musikan murgilduak jarraitzen dabe. Gari bakarkako diskoak kaleratzen ari da, Josu Zabalak Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuak sortu dauz Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekaz, eta Txanpik Doctor Deseo taldean jotzen dau. Kike ere aritu zan Doctor Deseon, baina utzi eta gero musika mundutik aparte dago.


2011/11/21

GAURKO EFEMERIDEA

  • 1950eko Urriaren 28an Julio Urquijo Ybarra, bizkaitar idazle jakintsu eta euskaltzalea hil zan Donostian.
Julio Urquijo Ybarra
Julio Urquijo Ybarra

2011/11/17

EUSKERAREN ESTADARIZAZIOA

EUSKAL IDAZLEAK EZAGUTZEN... Bernardo Atxaga

Asteasu, 1951.

Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zan. Euskera irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea eta ekonomilaria izan zan, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean ekin eutson arte.

Bere lehen lana Euskal Literatura 72 antologian argitaratutako Borobila eta puntua antzerkia izan zan. Literatur genero guztiak landu dauz: hitzaldiak, filme baten gidoia Oraingoz izen gabe, irrati-nobelak, poesia, ipuingintza, nobelagintza... Ustela eta Pott aldizkarietan idatzi eban.

Obabakoak liburuarekin Espainiako Literatur Sari Nazionala irabazi eban 1988an. Ziutateaz, Etiopia, Sugeak txoriari begiratzen dionean, Bi Anai, Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, Gizona bere bakardadean dira, besteak beste, Atxagaren bibliografiaren zenbait erakusle.



Euskadi saria, Kritikaren saria eta Prix Millepages jaso dauz, eta bere lana hogei hizkuntzatara baino gehiagora itzuli da. Euskaltzain urgazlea da.

Bere azken liburua, Soinujolearen semea, Obabako lurraldera eginiko azken bisita izan da, egilearen esanetan. 2004. urteko Espainiako Narrazio Lehiaketarako hautatu dabe gaztelerako bertsioa.


Bere azken nobelak, Soinujolearen semea 2005eko Kritikaren saria jaso dau Bilboko Liburu Azokan, Euskadiko Liburuaren Ganberak ematen dauan Zilarrezko Idazluma. Orain 15 urte Zilarrezko Idazluma irabazi eban, Obabakoak liburuarekin.

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu eban, Juan Mari Lekuona zanaren hutsunea betetzeko.

Bere web orrialdea: http://www.atxaga.org/

2011/11/15

EUSKO IKASTOLA BATZAREN 25. URTEURRENA

Joan dan azaroaren 11n, Eusko Ikastola Batzaren (EIB) 25 urteurrena ospatu genduan.
EUSKO IKASTOLA BATZA (EIB) Ikastola alkartea, lau ikastolak sortu eben 1986.urtean: Bizkaiko LAUAXETAk eta LAUROk, Gipuzkoako EKINTZAk eta Arabako OLABIDEk. Gaur egun alkartea 12 ikastolak osatzen dau eta 10.000 ikasle baino gehiago batzen ditu, Ikastoletako ikasleen  %25, hain zuzen.
EIB sortzearen helburu nagusia,hezkuntza proiektuen eta Ikastola bakoitzaren autonomiaren alde lan egitea izan zan, azken alderdi honi, administrazio publikotik jaso eikezan finantziazioaren gainetik lehentasuna emonez
25 urte honeetan, EIB euskera eta Euskal Kulturaren alde egindako ekarpenengaitik eta hainbat instituziotatik jasotako hezkuntza- proiektuen kalitatezko sariengaitik nabarmendu da. Bikaintasun sari gehien dabezan ikastolak batzen dira alkarte honetan (Award 1, 2 Price eta 2 europar finalista, urrezko 3 Q eta Eusko Jaurlaritzaren zilarrezko 7 Q, 2 MEC sari...).
2011/11/10ean ospatu dogun ekitaldian EIBk bere konpromisoa barritu dau honakoakaz:
  • Euskera, gure Kultura eta baloreak.
  • Kalitatea hezkuntzan eta kudeaketan.
  • Barrikuntzarako bokazioa eta ahalmenaren garapena.
EIBko IKASTOLAK:
  • Bilboko ARTXANDAPE
  • Bilboko BEGOÑAZPI
  • Markina-Xemeingo BERAKRUZ
  • Donostiako EKINTZA
  • Bilboko KARMENGO
  • Zornotzako LAUAXETA
  • Loiuko LAURO
  • Donostiako MARIAREN BIHOTZA
  • Bergarako MARIAREN LAGUNDIA
  • Gasteizko OLABIDE
  • Ondarroako TXOMIN AGIRRE
  • Gernika-Lumoko SAN FIDEL
 Ospakizuna EHUk Bilbon daukan  Bizkaia Aretoan izan zan. Bertan,  lehena  eta oraina batzeko  aukera izan genduan.  Ekitaldi  hunkigarria eta  EIB gauzatzeko hainbat lan eta ahalegin egin ebenak , baita gure artean ez dagozanak be,  gogoratzeko unea  izan genduan.

Askatasunez bizi gaitezen
gaur hasita gero ere bai
Euskal Herriak bizirauteko
bake-bakean eta alai.
Euskal sustraian oinarrituta
ea garen guztiok gai
euskarak eta gure kulturak
beti tinko dezan jarrai.

EUSKAL HERRIA ZORAGARRIA DA!!

2011/11/07

ASTE HONETAKO ESAERA ZAHARRA

"kontuak kontu, senarrak poltsa, deabruak eroan daiala halako ezkontza."

GAURKO EFEMERIDEA

URRIAK 7
  • 1976. Fernando Aire Xalbador bertsolaria, Urepelen (Nafarroa beherea) hil zan (j. 1920)
  • 2003. Euskerazko wikipedia martxan jarri zuten.