2011/11/28

BARTZELONAKO CENTRE CULTURAL- EUSKAL ETXEA


Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxe honi 22.000 euroko diru-laguntza emongo deutso euskararen irakaskuntza bideratzeko. Laguntza horren bidez Bartzelonan euskara ikasi nahi dabenei, 170 lagun inguru, beharrezko baliabideak eskura jarriko deutsez. Bertan izan ziran hitzarmena sinatuz, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Iñaki Uribe HABEko zuzendaria.
Bertako hainbat ikaslegaz be alkartu ziran, honeek   euren  kezka, jakin-min eta asmoen barri emon eutselarik.
Hitzarmena sinatu ostean, Auzmendi hainbat euskara ikaslegaz batu zan euren moduko jendea ikustea beretzat ohorea dala esan eutsen: "Ulertuko duzuen bezala niretzat ikaragarri pozgarria da Euskal Herritik kanpo ere euskara ikasi nahi duen jendea dagoela ikustea, eta konturatzea ugari direla euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa dutenak atzerrian ere. Nik ez etsitzera eta euskararen ikaskuntza aurrera egitera animatu nahi zaituztet".
Euskara eskolan esparru bi  bereizten dira, ikasle katalanez osotutako beheko mailak eta ikasle euskaldunez osotutako goiko mailak.
Azpimarratzekoa da, egiaztatze- frogak egiten diranetik, goiko mailetako ikasleen kopurua asko igo dala,  hizkuntza eskolan ez dago C maila egiteko aukerarik eta.
Bartzelonan  guztira, 500 ikasletik gora dagoz Euskal Etxe, Unibertsitate nahiz Hizkuntza Eskoletan euskara ikasten. Horreetatik % 80 ez dira euskal jatorrikoak. Tartean, katalanak ez ezik, jatorri ugaritako ikasleak be badagoz: ekuatortarrak, poloniarrak edo ingelesak, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak eta Centre Cultural-Euskal Etxeak sinatu daben hitzarmenaren helburua 2011/12 ikasturterako Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxearen egitasmoak burutzeko oinarriak finkatzea da. Irakasle-taldearen trebakuntza dala eta, HABEk eta Bartzelonako Centre Cultural-Euskal Etxeak adostuko dabe trebakuntza-plana, eta bideratzearen ardura HABEk  hartuko dau. Honen ardura irakasle-taldea, beharrezkoa dauan oinarrizko materialez hornitzea izango da. Autoikaskuntza programen (BOGA) egikaritzeari jagokenez, HABEk, Euskal Etxearen eskariari, zerbitzu hori martxan jartzeko proposamena eta baliabideak emongo deutsoz. Jasotako diru-laguntzaren truke, Centre-Cultural Euskal Etxeak euskara-eskolak emotea ahalbidetuko dau, euskara autoikaskuntza bidez ikasteko sistema informatikoak bermatuz.
Auzmendiren esanetan, gainera, ez da ahaztu behar azken urteotan mundu zabalean handitu egin dela euskararenganako jakin-mina. Horren ildora, gero eta gehiago dira euskara eta euskal gaiak lantzeko interesa erakutsi duten unibertsitateak eta ikastegiak: "Momentu honetan bertan munduko lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan 2.500 helduk eta 1.500 haurrek baino gehiagok ikasten duten euskara. Gaineraz, munduko 23 unibertsitatetan euskara ikas daiteke".