2011/11/29

Heldu jaku Lekeitioko Euskal Zine Bilera!

Francoren diktadura amaitu ondoren, gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziran indarren eraginez sortu zan Euskal Zine eta Bideo Bilera, 70eko hamarkadan.

Garai haretan, hainbat eukeraren aldeko ardura eta lana areagotzen hasi zan baina euskera eta zinemagintza uztartzea ez zan erraza, ikus-entzunezkoen ekoizpen gehienak, danak ez  esatearren, gaztelaniazkoak ziran eta.  Gainera, euskeraz agertzen ziran filmak gaztelaniazkoekin lehian ibiltzen ziran, aldea handia zala. Gogotsuek 8 eta Super 8 formatuetan eta 16 m/m-tan egiten ebezan filmak.

Filmak euskaraz egiten ebezan amateurren oztopoak gainditu nahian sortu zan Euskal Zine Bilera. Lekeitioko zinemaldia ez zan garai haretan euskerazko filmen jaialdi bakarra. 1977an, Zestoan Topaketak zine-jaialdia sortu eben baina 1991n Zestoako antolatzaileek amore emon eben. Beraz, 1992tik hona Euskal Zine Bilera da euskerazko filmen jaialdi bakarra.
1981ean “Zilarrezko antzarrak” sariak emoten hasi ziran. Dokumental onenarentzako saria eta argumentudun film onenarentzako saria ezarri ziran, baita argazki onenarentzako saria eta soinu onenarentzako saria be.
Parte-hartzaile guztien artean grabatzeko material zinematografikoa banatzen jarraitu zan, honek lanean jarraitzeko aukera emoten eutsen eta.
1986an, bideoaren gorakada izugarria zanez, eta 8, Super 8 eta 16 m/m formatuetan gero eta lan gitxiago aurkezten zirala ikusita, Jaialdian bideo lanak onartzea erabaki zan. Horren ondorioz, ordura arte Euskal Zine Bilera izan zana aurrerantzean Euskal Zine eta Bideo Bilera (EZBB) izango zan.
1995ean merkatuan lehiatzeko asmoz egindako bideoak onartzen hasi ziran.Dana dala, beste eginkizun bat be baeben: hautatutako lan guztiak Interneten jartzea.
Aldaketa guzti hauen helburua, jaialdia etengabe aldatzen ari den ikus-entzunezkoen arlora moldatzea izan da; beti ere, hasieratik ezarritako nortasun-ezaugarriak ahaztu gabe. Hau da, Euskal Herrian euskaraz egiten diren ikus-entzunezkoak bultzatzen laguntzea.
Urteetan zehar hainbat ekintza egin dira, halanola, zinemari buruzko hitzaldiak, zinemari buruzko liburuen eta zinemagintzako tresnei eta makinei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako film-kartelen erakusketak, gai zehatzen inguruko zikloak, beste leku batzuetako (Katalunia, Galizia, Levante, Murtzia) zinemagileekin topaketak...
Jaialdi honen ibilbidean zehar euskal zinemako zuzendariak, arlo guztietako teknikariak eta irudi eta soinu eskoletan ikasitako teknikari asko aritu dira, bai lanean, bai afizionatu moduan.
Aipagarria da Lekeitioko Bilera abiagune ona izan dala errealizadore barrientzat,  jaialdiari esker euren sorkuntza-lanak erakutsi ez ezik, curriculuma hornitzen be hasi daitekezalako.
2007an, ohiko ekitaldiez gain beste  ekintza batzuk be antolatu ziran Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundearekin batera, urteurrena ospatu eta ordura arte egindako ibilbidea gainbegiratzeko.
2008an, Lekeitioko Udaleko Kultur Erakundeak hartu eban antolatzeko ardura. Hala eta guztiz be, lehengo antolaketa taldeko partaide batzuek Zine eta bideo Bileraren antolaketan parte hartzen jarraitu dabe.2009an zenbait hobekuntza egin ziran;filmen proiekzioaz profesionalak arduratzen hasi ziran.
2010ean, krisialdia oraindik gainditu barik dagoala,Lekeitioko Udal Kultur Erakundeak zinemaldi duina izateko ahalegina egin dau.

2010eko nobedadea Benito Ansola Beka sortzea izan da Topagunearekin (Euskara Elkarteen Federazioa) alkar lanean.

Etorkizuneko jaialdiari indarra emoteko aldaketa batzuk egin dabez,adibidez, izena laburtu egingo da jatorrizkora bueltatuz eta zenbakia arabiar erara ipiniz. Web- orrialdea be barriztu egin dabe.
Ez da ahuntzaren gauerdiko eztla Lekeitioko hau, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren aitorpena jaso eban, zinearen historiari buruzko bildumetan eta aldizkari espezializatuetan aipatzen da; gainera, euskal zinearen inguruko erakusketa eta jardunaldietan parte hartzen dau.
Lekeitio Cannes txikia izaten da jaialdi egunetan.


Web orrialdea: http://www.zinebilera.com/