2011/11/23

EUSKAL TALDEAK EZAGUTZEN... Hertzainak

Hertzainak taldea, 1981. urtean Araban sortutako euskal rock taldea da. 1981eko gabon zahar gauean estreinatu ziran Gasteizen, The Clash taldearen euskerazko bertsio batekin.
Euskeraz landutako rocka ulertzeko, ezinbesteko taldea da Hertzainak. Diskografia oparoa utzi eban taldeak (sei disko eta hainbat single eta EP), eta oraindik ere entzuten dira haren kantuak.
Garaiko beste musika taldeen antzera, Ingalaterrako punk mugimendua izan eben abiapuntu eta eredu Hertzainak taldea sortzeko unean. Rock&rolla eta euskal giroa alkartu nahi ebezan, eta musika eta hitzak erabilitako formula.
Josu Zabala eta Xabier Montoia izan ziran taldearen sortzaileak, eta haiek mamitu eben lehen urteetan Hertzainak-en izaera. Lehen uneko taldekide aldaketak izan ondoren, honako hau izan zan 1981eko Urtezaharrean taula gainera igo zan taldea: Xabier Montoia Gamma (ahotsa), Josu Zabala (baxua), Kike Saez de Villaverde (gitarra), Curro (bateria), Tito Aldama (saxofoia) eta Delfo (gitarra). Taldearen inguruan ibili ziran Gerardo Pozo Gene gazte gasteiztarra eta Karra Elejalde aktorea bere.
Lehen emanaldiak egin eta gero, taldean aldaketa nabarmenak gertatu ziran. Curroren ordez, Luis Javier Saiz Txanpi sartu zan bateria astintzera, eta Delfok be taldea utzi eban. Aldaketa nabarmenena 1983ko irailean izan zan, Xabier Montoia taldetik kanpo geratu eta gero (M-ak taldean agertuko zan geroago). Horrela, hilabete batzuk abeslari finko barik aritu eta gero, Iñaki Garitaonandia "Gari" sartu zan abestera.
Kideak erabat finkaturik, taldearen lehen maketa grabatzera sartu ziran IZ diskoetxearen estudioetan. Lehen diskoaren arrakasta barruratzeko asti barik, beste disko bat grabatzen hasi zan taldea 1985eko udan. Salgai jarri ziran lehen 2.000 aleek single bat zekarren opari, beste lau kanturekin: maketa garaiko "Galtzailea" eta "Rock&roll batzokian", inoiz grabatubako "Itxoiten nago" eta taldearen ereserkia, "Hertzainak": «Ixilik nola ez, hobe da abestu / eta gure musika mundu zaharra deuseztu...».
Soñua utzi eta Elkar diskoetxearekin grabatu eben hirugarren diskoa, Salda badago (1988).Amets prefabrikatuak (Oihuka, 1989) kaleratu aurretik, maxi single bat argitaratu eben. Hiru kantu horien artean, "Aitormena" egoan, denborarekin taldearen kantu ezagunenetakoa izango zana. Hertzainak-en sona izugarri handitu eban kantu horrek, talde entzule talde barri eta gazteago batera hurbilduz.
Zuzeneko disko bat bere argitaratu eben. Garai hartan, oso zabalduta egoan taldea desagertuko zan zurrumurrua, eta zuzeneko grabazio horrekin mamuak uxatzea lortu eben.
Taldea desegiteko erabakia hartua zuten Denboraren orratzak (Oihuka, 1992) grabatu ebenean -izenburua esanguratsua zan-. Lehen aldiz Garik parte hartu eban hainbat kanturen konposizioan ("Bihurtuko zara, txo", "Zoratzen ari naizela"...), geroago hartuko eban bakarkako bidea iragarriz, eta The Clash taldearen "I fought the law" euskerara ekarri eban.
Euskal merkatuaren txikitasuna eta kanpora aterateko zailtasunak aipatu ebazan taldeak desegiteko arrazoi moduan. Josu Zabalaren berbetan, «gurea gora egiterik ez izatera kondenaturik dagoan istorioa da».
Taldeak, agur esateko, kontzertu bira antolatu eban Euskal Herritik , eta azken emanaldiak Iruñean (Anaitasuna kiroldegian), Gasteizen (bi egunez El Elefante Blanco aretoan), Donibane Garazin, Bilbon (Casilla kiroldegian) eta Donostian (Gaska kiroldegian).
Gaur egun, Hertzainak-eko taldekide ohiak musikan murgilduak jarraitzen dabe. Gari bakarkako diskoak kaleratzen ari da, Josu Zabalak Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuak sortu dauz Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekaz, eta Txanpik Doctor Deseo taldean jotzen dau. Kike ere aritu zan Doctor Deseon, baina utzi eta gero musika mundutik aparte dago.