2011/12/22

PIRATERIAren eraginez

Zer eta zergaitik gertatzen da? Kultura mundua galtzaile atarako ete da? Aspaldi dabilz, kantari, idazle… aztoraturik, baina arrazoi ete dabe? Gaur egun badago teknologiaren abantailetatik etekina atara nahian ez liburu ez diska erosten ez dauanik. Baina prezioei begiratuz, hauxe adierazi daikegu: zenbat irabazi behar dabe, ba, artistok? Ezin daikiez prezioak jaitsi? Hauxe da gakoa: dirua.
Dana dala,  eurek horretatik bizi dira eta etekinik handiena atara gura dabe. Horregaitik,ba, atzo bertan Lucia Etxebarriak facebooken azaldu ebanez, denboraldi baten, idazteari itziko deutso. Jakin daki, azken eleberriaren kasuan,internetetik  legez kanpoko kopia gehiago jaitsi dirala saldu diran aleak baino. Egoera hau aldatzen ez dan bitartean, behintzat, ez dau idatziko. Baina  honen aurrean Luciak jasotako mezuak ez dira guztiak aldekoak izan, eta honeen aurrean aho bete hortz geratu da, ez baitau ulertzen jendeak bera ez ulertzea eta gainera kritikatzea.
Zer erantzungo deutsogu Lucia eta bera bezala pentsatzen dabenei?

Nabarra aldizkariak ateak itxiko dauz.

Zorioneko dirua! Zenbat laguntzen deuskun! askok eta askok ez dauala balio diñoan arren. Hamar urtez argia ikusi ondoren,  diru arazoak dirala eta, Nabarra aldizkaria argitaratzeari itzi egingo deutse. Nafarroan sortu bazan be, Nabarrak Kultur Taldearen eskutik Bizkaian ezartzea lortu zan.  Ahaleginak ahalegin, azken urtean harpidedun eta laguntzaileei esker iraun dau, gastuak  murriztean, jaso beharreko laguntzak eskasagoak izan dira, adibidez, ez dau 2011rako aitortuta dauan Jaurlaritzaren dirurik jaso.
Bakoitzak jakingo dau zer egin,ez?

2011/12/04

Kultura Bonua

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-2012 Gabonetako kanpainarako Kultura Bonua garatzeko eta sustatzeko Kulturako sailburuaren Agindua onartu dau. Horretarako 660.000 euro erabiliko dira, hau da, 44.000 bonu saltzeko diru-kopurua.
Euskadiren ekonomia bizibarritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak dauan egitasmoaren barruan, eta aurreko kanpainetan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak "Kultura Bonua - Bono Cultura" programa barritu nahi dau, arte- eta kultura-ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2011-2012 Gabonetako kanpainan, Euskadin, aipaturiko kultura-produktu horreek suspertzeari begira.
Euskarri ezbardinetako kultura-produktuen erosketa egiteko lagunduko dau diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bonu batzuen bidez (44.000). Bonuok hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta horreen bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango dau, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.
Bonu bakoitzak 25 euroko kostua izango dau, baina 40 euroko balioa emongo deutso erabiltzaileari kanpainia honi atxikitzen diran dendetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bonu bakoitzaren 15 euroko alde hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko dau.
Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak aukeratutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo dau kultura-bonua saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik be erabili ahalko dan. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bonu bat baino gehiago erostea eragozten daben mekanismoak jarriko dauz entitate kolaboratzaileak, txartela blokeatuz zein bestelako prozeduraren baten bidez.
Zer deritxozue ekimen honi? Kultura sustatzeko balioko ete dabe?

Euskaltzaindiaren 'Erlea' bosgarren alea: komiki eta autoak irakurgai

Gorka Martinez(BBK) eta Andres Urrutiagaz(Euskaltzaindia) ondoan ebazala, idazle eta euskaltzain osoa izateaz gain  Erlea aldizkariaren zuzendaria be badan Bernardo Atxagak kultura argitalpen honen bosgarren alea aurkeztu euskun. Izan ere, Euskaltzaindiak argitaratu, BBK-k babestu eta Pamiela argitaletxeak edizio eta diseinuaz  dau ardura.

Bosgarren ale honek  gai nagusi bi ditu ardatz:  batetik, Euskal Herria eta komikiak eta bestetik, autoen mundua. Atxagak esan ebanez, Erlea-n Euskal Herriko eskarmentu handiko idazleek nahiz ia anonimatuan ari diran sortzaileen lanek dabe  lekua.

Oraingo zenbaki honetan Erlea-k bere ikurra aurkitu dau, eta horren erantzulea Jon Zabaleta marrazkilaria da, honek erletxo batzuk tintontzi batean bueltaka irudikatu dauzalarik.
Bestalde, Erlea-ren beste atal finko bat Poemaren atzeko aldea da. Egileek euren poesiaren azalpena emon behar dabe, condicio sine qua non baita hori, zuzendariaren esanetan.

Autoei jagokenez, hainbat ipuin eta bitxikeria azaltzen dira ale honetan.

2011/12/02

Bikain ziurtagiriak banatu dauz Eusko Jaurlaritzak

Bilboko   Guggenheim museoa izan zan Eusko Jaurlaritzak hemeretzi enpresa eta erakunderi Bikain ziurtagiria banatzeko aukeratu eban  agertokia. Aurten, Bermeoko eta Arrasateko Udalek jaso dabe euskararen presentzia eta erabilera egiaztatzen dauan urrezko agiria; baita Elgoibarko ikastolak eta Birzikla enpresak be.
Ebaluazio-txostena eskuratua dabe  2011n Bikain Kanpo-Ebaluazioa jaso daben 19 erakundeek. Txosten honen bitartez, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa maila jakin ahal izan dau erakunde bakoitzak (txostenak 100 bat indargune eta hobekuntza arlo jasotzen dauz, garapen mailaren kuantifikazioarekin batera, 0tik 1000puntura.
Hiru ziurtagiri dagoz, erakundeek hiru parametro horreetan lortutako mailaren arabera: oinarrizko mailako ziurtagiria (baltz kolorekoa), erdi mailako ziurtagiria (zilar kolorekoa) eta goi mailako ziurtagiria (urre kolorekoa). Aurten, saritutako 19 erakunde honeetatik, 7k oinarrizko maila egiaztatu dabe (200-399 puntu artean), beste 7k tartekoa edo zilarrezkoa (400-699) eta 5ek goi-maila edo urrezkoa (700-1000 puntu).



Euskara lan munduan sustatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2006an abiatutako LanHitz programaren barruan dago ziurtagiri hau. Garai haretan Ibarretxe lehendakariak hauxe esan eban: enpresetan euskaraz hitz egiteak «berezko zerbait izan behar dau, naturala», «Eleanitza da euska gizartearen oraina eta geroa, eta eleanitza da erakundeen, enpresen oraina eta geroa».
Azkarate gazteen prestakuntzaz mintzatu zan: Ikasketak euskaraz egin eta euskaraz lan egiteko prestatuta dagozan gazteek «euskara gitxiko» lan mundura egiten dabe jauzi. Beraz, horixe da ekidin nahi dana: «Eskolan euskaldundutakoa eta euskaraz formatu dana ez daiala lan munduak erdaldundu».
Bikain ziurtagiri «publiko, ofizial, independente eta doakoa» da. Enpresek eta esparru sozio-ekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza normalizaziorako prozesuen maila egiaztatzea eta aitortzea dau helburu, «era bateratu eta sistematizatu batean.

Aurtengo Lauaxeta saria Gerediaga Elkartearentzat

Sari honen VII.edizioan, .Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Lauaxeta saria gaur bertan emongo deutso  Gerediaga Elkarteari, herrialdean "euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko ahaleginagaitik".
Lauaxeta Saria ohorezko sari sinbolikoa da, eta Bizkaian euskara zabaldu, sustatu eta normalizatzeko eginiko ahaleginagaitik nabarmentzen diran irabazi asmorik gabeko taldeak edo pertsonak saritzen dauz.
Gerediagak hainbat lan arlo garatu ditu; besteak beste, Durangaldeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzea, eskualdearen iragana ikertzea eta ikerketa lan barriak sustatzea. Durangoko Liburu eta Disko Azoka, aurtengoa 46. edizioa izango dana,be berak antolatzen dau. Hau guztiau, Durangaldea ezagutaraziz eta tokiko erakundeei aholkularitza eskainiz, jakina.
 Nahiz eta sortu zanean, 1965ean, eskualde-kontzientzia izan bere kezka nagusia, urteakaz, nortasun horretan oinarrituta, alkartearen helburuetako bat kontzientzia komuna berreskuratu eta zaintzea izan da, berezko ezaugarriak babestuz eta ahaztuta dagozanak berreskuratuz.
Dokumentategia Ikerketari jagokonez, hainbat arlo jorratzen dauz, hala nola eskualdearen historia, antolaketa eta gizarte-ezaugarriak, edo kultura, gizarte eta ekonomia-ondarea. Dagozanak gorde eta galdutakoak bilatuz, Durangaldeko Dokumentategia helburu horren ardatz bihurtu da.

EUSKERA EUROPAN

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako (HPS) ordezkaritza batek Bruselara bidaiatu dau euskarak azken urteotan egin dauan ibilbidearen barri emoteko Europako Batzordeko Eleaniztasuneko Unitatean. Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren bikaintasuna eta Europan erreferentzia izatea nabarmendu dau, baita euskararen industriak egindako ekimen abangoardistak be.

Bruselako Euskadiko Ordezkaritzarekin lankidetzan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, hizkuntzaren industriari lotutako beste 6 erakundeko ordezkariekin batera, lan-misio bat burutu dau Europar Batasuneko erakundeetan. Horren helburua da, euskal hizkuntza politikaren eta haren sektoreko ekintzak ezagutzera emotea eta Europako erakunde eta kideekin lankidetza-loturak finkatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Iván Igartuak Langune (Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen alkartea), EHUko Euskara Institutua, Komalingua, Eleka, Elhuyar eta UZEiren laguntzarekin batera, lanaldia izan eben Europako erakundeekin; eleaniztasunari eta hizkuntza dibertsitateari loturako Europako sareen barri izan dabe bertatik bertara.
Euskal Gobernuko ordezkariak, Langunerekin batera, Belen Bernaldo de Quiros Erkidegoko erakundeetako eleaniztasuneko Unitateko buruari euskarak azken urteotan egin dauan ibilbideari buruzko informazioa emon deutso, bereziki Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (1998) onartu zanetik. Euskal ordezkaritzak garatu diran aurrerapen nagusien barri emon dabe, egoera soziolinguistikoa, euskaren lurraldeen arteko elkarlana. Gainera, Informazio eta Komunikazioaren teknologian emandako pausoak jakinarazi dira, arlo hori zuzenean lotuta baitago Langunek egiten duen lanarekin.
Europako agintariek Europa mailan Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak egun betetzen dauan erreferentziazko papera azpimarratu dabe eta, horrekin batera, hizkuntzaren euskal industriak zer ekimen abangoardistak dauazan. Erakunde europarrek Eusko Jaurlaritzako HPSko zuzendariak aurkeztutako guztiaren gaineko interes handia erakutsi dabe. Hala, Euskadiri bere jardunbide onak Europa mailan aurkezteko aukera eman jako Eleaniztasunerako Europako Plataformaren baitan.
Bilkura horretan bertan beste gai batzuk aztertu dira: Hizkuntza Politikaren esparruan egungo eta etorkizuneko ekintza eta planak, Autonomia Erkidegoen artean burutzen dan hizkuntza politiken koordinazioari lotutako ekimenak, euskararen kanpoko sustapena, Euskadiren inplikazioa Europako zenbait saretan...
Europako erakundeekin egindako lan-saioak funtsezko une batean egin dira, Europako Batzordeak kultur industriarentzat eta industria sortzaileentzat etorkizuneko programa-sorta aurkeztu dauanean, eta 2014-2020 aldirako Creative Europe izenekoaren barnean sartzen direnak. Creative Europeren bidez, Europar Batasunak kultur industrien eta industria sortzaileen funtsezko eginkizuna aitortzen dau EBaren ekonomiarako. "Kulturaren ekonomia" izenekoa Europako BPGaren % 4,5 da eta EBeko enpleguaren % 3,8 (8,5 milioi pertsona).