2011/12/04

Kultura Bonua

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-2012 Gabonetako kanpainarako Kultura Bonua garatzeko eta sustatzeko Kulturako sailburuaren Agindua onartu dau. Horretarako 660.000 euro erabiliko dira, hau da, 44.000 bonu saltzeko diru-kopurua.
Euskadiren ekonomia bizibarritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak dauan egitasmoaren barruan, eta aurreko kanpainetan lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak "Kultura Bonua - Bono Cultura" programa barritu nahi dau, arte- eta kultura-ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2011-2012 Gabonetako kanpainan, Euskadin, aipaturiko kultura-produktu horreek suspertzeari begira.
Euskarri ezbardinetako kultura-produktuen erosketa egiteko lagunduko dau diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bonu batzuen bidez (44.000). Bonuok hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta horreen bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango dau, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.
Bonu bakoitzak 25 euroko kostua izango dau, baina 40 euroko balioa emongo deutso erabiltzaileari kanpainia honi atxikitzen diran dendetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bonu bakoitzaren 15 euroko alde hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko dau.
Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak aukeratutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo dau kultura-bonua saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik be erabili ahalko dan. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bonu bat baino gehiago erostea eragozten daben mekanismoak jarriko dauz entitate kolaboratzaileak, txartela blokeatuz zein bestelako prozeduraren baten bidez.
Zer deritxozue ekimen honi? Kultura sustatzeko balioko ete dabe?