2012/01/30

Hiahoka, hizkuntza ahotsaren eta kantuen bitartez sentitzeko proiektua

Banaiz Bagara alkarteak, Mintzola Fundazioagaz eta Euskal Kantuzaleen alkarteagaz lankidetzan, Hizkuntza Ahoz eta Kantuz (HIAHOKA) sentitzeko esku-liburua eta CD-a prestatu dauz. Proiektu honek euskara ikasteko eta erabiltzeko bide barriak ireki ez ezik irakasleei materiala eskaintzea be badau helduru.
Eskaintza hau batez be, beste kultura eta hizkuntzetatik etortzen diran pertsonei eskaintzen jake baina baita euskararekin "arroztasuna" sentitzen daben guztiei be. Kantuak ikasteko ahots teknikak eta ahots eta gorputz ariketak hizkuntzara hurbiltzeko erabiltzeko proposatzen dabe. Hori guztia modu ludiko eta parte-hartzaile batean; hau guztia  euskal kantuak eta Euskal Herriko kantu kultura transmitituz eta kulturen arteko ulermena beste modu batean esperimentatuz.
Mireia Otzerinjauregi eta Ana Elorza kantu irakasleek 2011n emon ebezan hainbat kantu saio eta tailerretan erabilitako ariketak eta esperientziak irakasleentzako liburu baten bildu dabez. Saio hareetan beste hizkuntzetatik eta beste kulturetatik (baita beste musika kulturetatik be) etortzen diran ikasleakaz euskal kantuak landu ebezan: ahoskatuz, errepikatuz, erritmoz, gorputzez, zatika ezeze taldeka eta kalean kantatuz be. Teknika honeeek Mintzola Fundazioan burutu ziran  tailer bitan kantu eta euskara irakasle eta beste arloko kultur eragileekin alkartrukatu ebezalarik. Aldi berean, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatutako ekitaldien bitartez, hainbat kale-kantujira eta kantu topaketetan be parte hartu eben, euskal kantuen kultura herrikoia eta kolektiboa zabaltzeko asmoz.
Egitasmoaren metodologiaren oinarria ahozkotasuna da eta hori ariketa sinple eta errepikakorrez lortu nahi dabe, etorkinen integrazioan kantuak dauan garrantzia be nabarmenduz. Aurrerantzean, abestien bidez kultura ezbardinak ezagutu eta euren artean hurreratuko ahal dira!